2018(e)ko otsailaren 28(a), asteazkena

Pentsioekin iruzurrik egin ez dadin

Pentsioek pazientziaren lapikoa bor-bor jarri dute, eta bazen garaia. Pentsioen eguneratzea %0,25ekoa izateak bi mezu garbi ematen ditu:
1. Pentsioen sistema publikoaz ezin zara fidatu
2. Jubilazio sistema amaitu da
Halabeharra izan dela emango du, edo hori transmitituko da, baina inurri lan ikaragarri bat egon da honaino iristeko. Inurri lan horrek hainbat etapatan eraitsi du sistema publikoa, eta sistema alternatiboa ekarri. Pausuak argiak izan dira:

  • Sistemaren bideragarritasunari buruzko zalantzak erein
  • Sistemaren garantia mekanismoak ezabatu (68.000.000.000ko funtsa 0raino agortu pentsio sistemari eusteko beste neurririk mahai gainean jarri gabe).
  • Bidaragarri egin dezaketen neurriak ez aipatu
  • Hedabide handiak erabili horren aurrean pentsio pribatuak sustatzeko. Hedabideotan finantza erakundeek parte hartze handia dute bai akziodun modura, bai publizitate bidez, baita kredituak emanaz hedabideoi, beraz mezuak mediatizatzeko aukera handia dute. Pentsioen pribatizaziotik etekina nork aterako duen ez dago zalantzarik.
  • Mezu politkoak zabaldu lotsarik gabe pentsio pribatuen aldeko publizitatea eginaz.
Azken hauen artean Raxoiren pasa den asateko deklarazioak: 

"Me veo una vez más obligado a pedirle a las fuerzas políticas que no hagan política de este asunto. Porque es muy fácil decir: suba las pensiones, ¿cuánto?, lo que quiera. Pero si luego no hay recursos para pagarlo, lo que estaremos es tomando el pelo a la gente... La gran crisis que ha vivido a España, y que por suerte ahora estamos empezando a superarla, se ha producido por generar un gasto público brutal que no se correspondía con los ingresos"
  Noski, oso ondo sartzen den mezua da, urtez urte publikoaren deskreditua bilatu denean. Baina ez da egia, gastu publikoa handitu duena zor pribatua (bankuena neurri handi batean) bere egiteari zor zaio, ez sistema publikoaren berezko zorpetzea. Bankuen aldeko bi neurri ezkutatzen dira hitz hauen artean:

  1. Banku erreskatea zuzenean bankuei dirua emanateko modu bat izan da (60.000 milioi euro baino gehiago)
  2. Estatuaren birbanaketa sistema nagusiena kendu (pentsioena) eta kendu ondoren geratzen den negozio aukerabankuei eskaini (pentsio pribatuak)
Pentsio pribatuen mekanismoak eta izaerak oso ezberdin egiten ditu pentsio publikoengandik. Ezberdintasun hauek oro har negatiboak dira herritar arruntarentzat zenbait arrazoirengatik: 
  • Oso errentagarritasun bajua eta garantia gutxi ematen dituzte epe ertain edo luzera (honela pentsatu beahr da pentsioez ari garenean)
  • Pentsioak nabarmen bajuak dira
  • Ondoriz, jubilazio adina igo egiten da
  • Gizarte ezberdintasuna handintzen da zaurgarrienen (bulnerableenak) kanporatzea ekarriz(emakumeak, kualifikazio gabeko langileak, etorkinak)
  • Soilik gizartearen sektore batentzat dira baliagarri (aurrezteko gaitasuna dutenentzat)
  • Bankuen bilakaera eta negozio ahalmenaren arabera funtzionatzen dute.
  • Sistema publikoaren ordezko modura irudikatu direnean porrota ekarri dute (Hegoameriketako zenbait herrialdetan).

Txilen esate baterako 35 urte luzez ezarri da sistema pribatua. Kale egin du, eta horrek protesta handiak ekarri ditu herrialde horretan. Noski, sistemaren hutsuneak Estatuak konpondu behar izan ditu Txilen ere. 
Bestalde, ez da kasualitatea Txilen kale egin arren ezaugrri autoritarioak eta eskuindarrak Txilerekin partekatzen diten Espainian ere formula bera probatzea. Sistemak kale egitea gutxienekoa da Txilen bezala 35 urteko iraunpean duen negozio borobila ekartzen badu. Espainiak ezarritako politika hauen menpeko bagara 35 urte barru ere, non ote gaude orduan? Nola ote gaude?
Pentsio sistema egoki eta birbanatzaile bat izateko garantia handiena sistema produktiboarengan eragitea da. Hori egiteko denbora egon da baina ez da egin. Horregatik Raxoiren baieztapen hau zuzenean gezurra da:
Rajoy presume de que el Gobierno ha hecho todo lo posible por proteger el gasto en pensiones durante la crisis.
Sistema agortzen utzi du Espainiako gobernuak beste pentsio eredu baterantz jotzeko. Espainian ikusita agintean zein dagoen, eta zein den bere alternatiba, ikusita alegia zein iragazkortasun edo mira duten erakunde finantzarioen mezu eta eskariekiko, zaila da "halabeharrez" pentsioen sistema agortzetik ezer ezberdina gauzatzea. Beste nonbaitetik jo beharko litzateke. Ez da alferrikako datua Euska Herrian izan direla pentsio sistema publikoaren defentsan egindako mobilizaziorik handienak.
Txilerengandik edo errezeta neoliberalengadik oso bestelako neurriak hartu dira europar testuinguruan. Alemaniak eta Portugalek pentsioak igo dituzte, eta gainera ekonomia suspertzeko neurri modura planteatu dituzte igoera hauek. Badugu zer egin, eta norantza jo gure eragin esparruan. 

2017(e)ko uztailaren 2(a), igandea

Pentsioak Euskal Herri burujabean (4): Espainian pentsioak negozio bihurtuko direnekoa

Alarma gorriak pizten dira sarri gurean: haizeteengatik, euriteengatik, bero saparengatik... eta pentsioengatik. Alarma ziklikoen baitan koka dezakegu pentsioen inguruko asaldura publikoa. Baina pentsio sistema akitzea ez da halabeharraren ondorio. Ez da fenomeno meteorologiko bat, jasatea beste erremediorik gabe tokatzen zaiguna. Pentsioen sistema publikoa agortzea erabaki politiko finantzario bat da, sistema mantentzea erabaki politikoa den modu berean.

Egun hauetan, urtean birritan tokatzen den pentsioen inguruko alarma sirenak joka aritu dira, udarako zein gabonetako estra ordaintzea tokatzen den bakoitzean bezala. Oraingoan haginkadak ez dio soilik pentsioen eltzetxuari eragin, beste finantzazio formula batekin konbinatu da: sistema zorpetzea. Behar denaren heren bat eltzetxutik, eta bi heren mailegu bidez finantzatuko da. Kitto. Ez da planteatzen beste aukerarik.

Zergatik ez da planteatzen eltzetxua agortu eta zorpetzea baino ez den beste aukerarik? Inork ez du beste zerbait pentsatu? Ez du ematen.

Argi dago Gizarte Segurantzaren ardura duten administrazioek ez dutela pentsioen aldeko ekimenik martxan jartzen, pentsio publikoen aldekorik behintzat. Administrazioak aipatu ditugu, pluralean, izan ere pentsio sistema publikoa Madrilgo Gobernuaren ardura bada ere, pentsio pribatuen aldeko politikak -eta ondorioz, pentsio publikoen kaltekoak- urte askoko ibilbidea dute bai Gobernu Autonomikoaren jardunean, baita Foru Aldundienean ere, batez ere politika fiskala erabiliz horretarako. Ez dugu ahaztu behar pentsio publikoen sistema eta pentsio pribatuen sistema baso komunikanteak direla, hau da, bata handitzeak bestea urritzea dakar, eta alderantziz.

Merezi al du pentsio pribatuak?
Baina pentsio funtsak benetako aukera al dira? Pentsio funtsek, sistema publikoaren inguruko mezu alarmistak medio, eta administrazioen utzikeria medio, gorakada handia izan dute aurrezleen artean. Berez ez dira inbertsio tresna bat, prebisio tresna bat dira, eta errentagarritasuna ere txikiagoa da. Alde batera utziaz pentsio publiko sistema batek duen izaera edo bokazio unibertsala eta aberastasunaren birbanaketarako izaera (pentsio sistema pribatuek ez dutena), pentsio pribatuok benetan errentagarriak diren, alegia, merezi duten ikusi behar da.

Emaitzak ikus ditzagun beraz. Kalkuluen arabera eskatzen duen aurrezki ahalegina handia izanda ere, hamabost urtera begirako errentagarritasuna %1,58koa da. Demagun hamabost urteren buruan 30.000 euro bideratu ditugula, hamabost urteren buruan bataz besteko zenbakietan kokatzen den pentsio plan baten errentagarritasuna ez da 600 eurora iritsiko. Gehitu honi pentsio pribatu gehienek ez dutela ezta bizitzaren kostuaren adinako igoerarik izaten.

Quefondos.com web guneak 1.100 pentsio funtsen errentagarritasunari buruzko ranking bat egin du. Ranking horren arabera, hamar urteko emaitzak aztertuz, soilik 400 baino apur bat gehiagok ematen dituzte emaitza positiboak. Hortik aurrera galerak ematen dituzte, eta 500.etik aurrera oso galera handiak gainera. Funts hauen %99en errentagarritasuna Estaduaren bonuen azpikoa da gainera.

Atsotitz zaharra ere baliagarria da hemen: jokoa ez da errenta!

Zergatik -eta nola- bultzatzen dira pentsio pribatuak?
Aurreko datuek planteatzen duten galdera logoikoa da goiburukoa. Espainiaren ekonomiaren ezaugarriak  funtsezkoak dira pentsio pribatuen aldeko apustua ulertzeko. Zergatik hori azaldu aurretik ondorio praktikoari begiratzen hasiko gara. Ondorio praktikoa da transferentzia bat izan dela azken hamarkada hauetan pentsio sistema publikotik funts pribatuetara. Krisiak, aurrezki ahalmena jaitsi duen arren, sistema publikoarekiko kezkek eta mezu negatiboak hauspotu egin dituzte pentsio pribatuak.

Ze diru kopuruz ari gara? 2016rako 100.000.000.000 eurotik gora bideratu zen aurrezki pribatutik funts hauetara. Urtetik urtera igotzen joan da funts hauetan sartu izan den dirua. Krisi urteotan, logikak agindu dezakeenaren kontra (aurrezki ahalmena jaitsi egin baita, eta produktua ez baita errentagarria), heren batean handitu da sistema pribatura aurrezleek bideratu duten diru kopurua (nahiz 2010 eta 2011an beherantz egin). Hona grafika:

Patrimonio Fondos

Funts hauen erabiltzaileak normalean gainera errenta ertainak izaten dira, langile jendea alegia. Inbertsore handi eta errenta altuek erabiltzen ez duten produktu bat da. Baina diru kopuru handiak kaptatzeko tresna bat dira. Nola? Sistema publikoaren etorkizunari buruzko etengabeko zalantzak sortuz, eta pentsio sistema pribatuen onurak aipatuz zein aldeko politikak inplementatuz. Arduradun politikoek, Espainiako Bankuko gobernadoreak,  bankuetako goi arduradunek zein 'adituek', behin eta berriro azpimarratzen dute pentsio publikoen amaiera, alternatiba pentsio pribatuak direla azalduz. Egunkari hedatuenek ere honelako mezuei segituan ematen diete espazioa. Baina argi dago ez dela negozioa aurrezleentzat eta etorkizunarekiko kezka duenarentzat. Besterik gabe funtsak kaptatzeko tresna bat dira. Hau da, negozio dira, baina finantza erakundeentzat, pentsio sistema publiko on batek esku artetik kenduko liekeen negozio bat.

Sistemaren akidura honetatik kanpo ez daude finantza erakundeak, onuradun nagusienak baitira, eta ez dugu ahaztu behar erakundeok Espainian duten ahalmena oso handia dela, eta ahalmenaz gain entrama ere.

Hego Euskal Herrian berriz botere finantzarioak izan dituen ezaugarri propiengatik eragin politiko zabalerako borondatea neurtuagoa izan du. Aurrezki kutxen eta banku kooperatiboen ezarpenak hori ahalbidetu du historikoki. Hala ere, Gizarte Segurantzaren konfigurazioa Estatuari dagokion eskumena izanda, zaila da sistema honen eraiste neurtuak mahai gainean jartzen duen negozio aukerei uko egitea.


2017(e)ko ekainaren 19(a), astelehena

Pentsioak Euskal Herri burujabean (3) Manipulazioa eta hedabideak

Pentsioen gaia, eta oro har, aberastasuna sortu eta banatze sistemak Euskal Herrian aztertzerakoan, gai ekonomikoa baino politikoa dela adierazten ahalegindu gara aurretik ere. Hau da, ez dago ate itxirik eta ezinezkoak direnik (printzipioz behintzat), dena dago erabakitzen denaren baitan, hau da, erabaki politikoen baitan.

Erabaki politikoei buruz berriketan, herri baten nagusi den kultura politikoak ez da aginte gune formaletan (gobernua, parlamentua...) dagoen alderdiak edo ideologiak markatzen duena, haratago baitoa. Kultura politiko sortzerakoan edo erreproduzitzerakoan, zeresan handia du baloreak/mezuak jende askorengana transmititzeko gaitasuna edukitzeak. Eta hau hedabideen bidez egiten da.

Honela, pentsioez, eta oro har, politika ekonomikoarekin zerikusia duten gaiez hitz egiten badugu, ideologiaz ari gara. Ideologia hori zabaltzeko ahalmena duenak, indar handiagoa izango du. Gai hauez etengabe diharduten talde mediatikoak badira, tai gabe gainera jite ideologiko bat, eta ondorioz, pentsioen eta oro har, zerbitzu sozialen jite bat markatzen ari dira. Argi adierazten du honek pentsioak ofentsiba ideologikorako oso esparru aproposa direla. Ofentsiba horretarako ideiak, esterotipoak, mitoak eta presuntzioak zabaltzeko tresna garrantzitsuenetakoa prentsa idatzia da, paperezko egunkariak alegia. Eta batez ere prentsa generalista deitzen dena.

Paradoxa dirudi esandakoak. Nola liteke paperezko prentsak abiada bizian irakurleak galtzea baina ofentsiba ideologiko baterako tresna nagusienetakoa dela esatea? Irakurleak galdu eta galdu aritu arren, idatzizko hedabideek prestigio bat gorde dute trantsizio garaitik: infromazioa ematerakoan egiazkotasunez jardutearen berniza. Eta hori aprobetxatu egin dute erakunde finantzarioek. Azken urteotan, estatuko bankuak zorrez leporaino zeuden prentsaren finantzazioan sartu dira, zenbait bide erabiilz horretarako:
  • Akzioak erosiz, 
  • Kredituak emanaz
  • Publizitate kanapina oso garestiak sartuz hedeabide hauetan
Adibide modura El País-PRISAren kasua har dezakegu, bilakaera ideologiko-editorial handia eskatu baitio bi faktorek markatutako inguruabarrak: batetik prentsaren salmeneten gainbehera, eta bestetik finantza erakundeak hedabidearen jabe egitearen arteko konbinazioak. Bere ibilbidearen paradoxek asko lagundu diezaieke jabe berriei -baita posizio zaharragoak eusteko interes gutxi arina izan dezaketen jabe zaharrei- posizionamendu ideologiko nagusiak (pentsio publikoen aldekoa, babes sozialari buruzkoa eta sektore publikoari buruzkoa oro har) aldatzeko ahaleginean:
  • Prisaren jabetzan 2014an erakunde finantzarioak (Santander, HSBC, CaixaBank) sartu ziren, baita Amber inbertsio funtsa ere. 
  • 2014an Prisa taldearen pasiboak 5.000 milioi euro kontabilizatu zituen. Aipatutako erakunde finantzarioak sartu ziren orduan, eta kapital hedapenaren bidez eta kreditu operazioen bidez pasiboa murriztu egin zen, eta egoera finantzarioak oso konplikatua izaten jarraitu arren, arnsa hartu ahal izan du El Paísek. Horretan lagundu du baita ere bankuok egindako kanpainek -baita publizitate instituzionalak ere-. Oso kanpaina garestiak eta masiboak.
  • Une horretatik aurrera, El Paisen kokapen ideologikoa aldatzen hasi zen, banku erreskatearekiko epelduz, eta negozio finantzarioei oinarri ideologikoa emanaz.
  • 2017an Estatuan 100.000 ale baino gutxiago salduz hasi zuen (batzuk 80.000 alez hitz egiten dute). Bost urtean 390.000 ale saltzetik 80.000 ale saltzera pasa dira beraz. 
PRISA taldea aipatu dugu, pentsioen babesarekiko eta ekonomia finantzarioarekiko historikoki jarrera jakin bat suposatu zaiolako, eta jarrera horren antipodetan jarri delako, baina pentsioen kontrako ofentsiba gordindu egin da asko idatzizko prentsa 'ohikoenean', Vocento taldean adibidez, baina baita El Mundo, eta hedabideon egunkari sepiatan: Expansión, Cinco Días eta abar.

Negozioa beraz, ez da egunkarien salmenta, baizik eta egunkarien bidez gauzatzen den tresna ideologikoa, finantza erakundeen agenden mesedekoa. Egunkari handienen salmenta zuzeneko negozio baino, beste negozio batzuen palanka edo tresna bihurtu dira, erreskatea, pentsioen pribatizazioa, txanpon hedapena, bezalako negozioena hain zuzen ere. Hau da: hedabideetan erakunde finantzarioek duten interesak, beren emaitzak, negozioak eta eragin politikoa handitzeko ahaleginaren ondorio dira.

Pentsioen kasuan, pentsio publikoen sistemari buruzko zalantzak etengabe zabaltzen dira (kotizazioen nahikotasun eza, pentsioen eltzetxua agortzea, erretiro adina atzeratzearen ezinbestekotasuna...), eta pentsio pribatuen onurak azpimarratu. Horretarako joera jakin bateko adituak eta ekonomistek baino ez dute izaten hedabideon talaia eskura, hain zuzen ere, sistema pribatizatzea eta eraistea helburu dutenak. Aldiz, kontrako adibideen berri apenas ematen da. Txileko pentsio sistema pribatizatuaren berririk apenas eman da esate baterako. Txilen une honetan gatazka ikaragarria dago pentsioen inguruan, banku negozio bihurtu baitziren Pinocheten garaitik.




Zalantzarik gabe, pentsio sistema ekonomia errealetik, ekonomia produktibotik gertuago jartzeko ahalmena, Espainiaz besteko esparru batetik gauzatzea errealagoa izango da, mezuak, eta batez ere eduki ideologikoa errazago hedatzeko ahalmena dagoen esparru batetik. Euskal esparruaren arabera antolatzeak erauntsi ideologiko horretan interes orokorraren -eta ez interes finantzarioaren- mesedetan arrakasta izateko aukera askoz gehiago ematen ditu.

2017(e)ko ekainaren 5(a), astelehena

Pentsioak Euskal Herri burujabean (2)

Aurreko post batean, euskal pentsio sistema baten ezaugarriak Euskal Herriak sistema horretarako dirua biltzeko duen ahalmenaren eta borondatearen menpe daudela aipatu genuen. Oro har gainera egitura ekonomikoaren menpe, eta ikuspegi zabalarekin heldu behar zaio gaiari.
Aipatu ere egin genuen gaur egungo sistemaren erreplika hutsa den batek, gaur egungo gabeziak errepikatuko dituela, eta honelako sistema baten birbanaketarako ahalmena desagertarazten du. Hau da, ezin da izan Espainian indarrean dagoen sistema, izan ere, injustua delako, ez duelako anbizio sozialik, desberdintasunak iraunkortzen eta handitzen dituelako, eta ezin zaiolako ekonomiaren dinamizazioan etekinik atera. Besteak beste.
Honek Espainiari buruz hitz egitera garamatza. Espainiarekin konparatzea kontuz egin beharreko zerbait da. Gure arduradun politikoek joera handia dute konparazio hau triunfalismorako erabiltzeko. Espainia baino hobeto egotea izango balitz bezala gure aspirazio politiko bakarra. Zoritxarrez, konparazio hori oso kaltegarria ari da suertatzen, gero eta gehiago asimilatzen baigaitu desberdintasunak areagotzen, prestazio sozialak murrizten, eta pobrezia zabaltzen duen egitura ekonomiko batekin.
Kasu honetan baina konparazioa ezinbestekoa da, dugunetik -espainiar pentsio sistemaren ezaugarrietatik- abiatu behar baigara azalpenak eman eta alternbatibak mahai gainean jartzeko.
Zein ezaugarri ditu gehien ezagutzen dugun pentsio sistemak? (Espainiakoak alegia) Lanaren errenten bidez finantzatzen da, hau da, langileen eta enpresen kotizazioen bidez. Enpresen kasuan langileengatik kotizatzen dena da pentsioak finantzatzeko erabiltzen dena, ez zergengatik -adibidez, sozietateen zergarengatik- ordaintzen dena.
Espainiaren kasuan bide hau jarraitzeak gero eta itogin gehiago ditu:
  • Herritargoa gero eta zaharragoa da, beraz gero eta diru gehiago behar da pentsioetarako.
  • Langabezia altuak eta lan baldintza txarrek kotizazio kaxkarrak sortzen dituzte, eta horrek murriztu egiten du soilik laneko kotizazioek eusten duten pentsio sistema bat
  • Gertakari hau aspalditik aurreikus bazitekeen ere, ez da ezertxo ere egin pentsio sistemari eusteko. 
  • Soluzioa topatu baino, arazoa geroratzeko eta pentsio sistemaren eraiste neurtua gauzatzeko zenbait gauza egin dira ordea: "pentsioen itsulapikoa" deitzen dena agortu, pentsioak jaitsi, pentsioak berandutu, eta batez ere pentsio sistema eraisteko oinarri ideologikoarekin gizartea blai egin
  • Espainiako pentsio sistema eta oro har, lanarekin zerikusia duten politika guztiak, oso zentralizatuta daude, eta horrek errealitate ezberdinak ez aintzat hartzea dakar, homogeneizazio soziala (eta ondorioz baita politikoa eta kulturala ere ) egoera kaxkarrenetatik asimilatuz
Baina hori halabeharra al da? Ez al zegoen beste aukerarik?  Bai, aurrerago jardungo badugu ere aukera posible horiei buruz, aukera apalena ere hobea litzateke une honetan pentsioen sistemak duen egoera baino. Hasteko eta behin, lan politikak soldaten debaluazioa baino, soldaten igoera izan beharko lukete helburu; prestazio sozialen murrizketa baino berauen kalitatea bilatu beharko litzateke. Izan ere dirua bilatu izan da, eta eskubeteko kopuruetan, bankuen erreskatea izan den zulo beltzerako. Zoritxarrez diru hori esku pribatuetan desagertu da. Beste politika batzuetarako erabiltzeak alternatiba berriak garatzeko aukera emango luke. Espianian ez bestela, Europako herri askotan pentsioak igo dituzte, Alemanian esaterako %4 eta %5 artean iaz.
Espainiaren egitura sozio-ekonomikoak hau dena azal dezakeen ezaugarri bat badu: botere finantzarioren indar politiko ikaragarria. Eta honen ifrentzua: indar sozialen makaltasuna. Botere finantzario honek pentsioetarako erabiltzen den kopurua, beren eskuetatik aldentzen den dirua da. Une honetan Barne Produktu Gordinaren %11ri buruz ari gara. Finantza erakundeek beren propaganda makinaria guztia martxan jarri dute pastel gozo horren puska ahalik eta handiena eskuratzeko.
Indar finantzario hauek nola galgatzen duten gizartearen bilakaera kualitatiboa une batez begiratzea merezi du, begi zeharka bada ere, gudu zelai nagusienetako bat pentsioen sistema bihurtu baitute. Hurrengo post baterako geratzen da gai hau.

2017(e)ko apirilaren 17(a), astelehena

Pentsioak Euskal Herri burujabean

Geldialdi luze baten ondoren, ondorengo post hauetan pentsioen gaia aztertuko dugu. ZERGATIK EZ euskal errepublikaren aldeko mugimenduak esaktuta, joan den apirilaren 4an Donostiako Antiguan emandako hitzaldi batetik abiatuta landu dira honakoak.

Pentsioen gaia, eta zehazki, pentsioen bideragarritasuna edo ordaintzeko ahalmena aztertzea, bidea eta aukerak topatzea, burujabetzaren aldeko mugimendu batean osagai oso garrantzitsua da, izan ere independentzia eta burujabetza eremu errealean kokatzen du, hau da, herri bateko jendearen "eguneroko kezka" edo "arazo errealen" eremuan. Eremu honetan daude baita ere izaera sozio-ekonomikoa duten beste hainbat kezka edo gai, pentsioekin oso lotuta daudenak gainera: lana edo langabezia, estaldura soziala, zerbitzu sozialak, egitura ekonomikoa, sektore publkoaren ezaugarriak, inbertsio publikoaren noranzkoa.... Gai hauekin, eta konkretuak diren beste hainbatekin, independentziaren aukera, eta Euskal Herriaren burujabetzari buruzko eztabaida eduki errealetara eramaten da terreno idealetik edo boluntarista hutsetik haratago. Zentzu honetan, burujabetzaren aurkako indarrek oso ondo jakin zein den kezka/gai hauen transzendentzia esan izan dutenean Euskal Herri -edo Katalunia, edo Eskozia- independiente batek ez lukeela pentsioarik ordaintzeko adinako ahalmenik -edo osasun sistema bat mantentzeko adinakorik, edo gaur egungo aberastasun maial mantentzekorik, edo ...-. Gogoan izan behar dugu pentsioen inguruko zalantzek tolestu zutela Eskozian 2014an egindako erreferenduma Erresuma Batuan geratzearen alde.

Pentsioen ingurukoak, baina baita "eguneroko kezka" edo "arazo erreal" modura aipatu ditugunak bizi baldintza egokiak finkatzen dituzte, baita garapen eredua ere. Garapena eutsi ahal izateko aberastasunaren sorreraren ezaugarriak funtsezkoak dira zentzu honetan, zenbat aberastasun sortzen den garrantitsua bada, zein ezaugarritako aberastasuna sortzen den, eta nola horrek lan baldintzak, eta ondorioz bizi-baldintzak determintatzen dituen are garrantzitsuagoa da. Aurreratutzat ditugun gizarteetan, garapenak ezaugarri kualitatibo oso definituak izan ohi ditu, aberastasunaren osagai kuantitatibo hutsak baino pisu gehiagokoak: herritarren ongizatea, inguruaren babesa, aisia eta lanaren arteko harremana, zerbitzu publiko egokiak eta pertsona nagusien autonomia eta abar aintzat hartuko dituena. Honela bada, pentsioak, eta pentsioen nahikotasuna pieza oso garrantzitsua da herrialde hauetan.

Eta Euskal Herrian? Esan bezala, nolakotasun Euskal Herri nahi dugun adierazterakoan pentsioek ezaugarriek nolakotasun hori definitzen lagunduko dute. Baina ez hori bakarrik, pentsioak nolakotasun horren osagai zentraletako bat izango dira. Esan bezala, horretaz oso jakitun izan dira Euskal Herria menpeko egin (nahi) duten indar politiko eta ekonomikoak, pentsioak ordaintzeko ahalmena ukatuz Euskal Herriari.

Ez da une txarra beraz gai honi heltzeko. Burujabetzaren osagaiez eta indepentzia prozesuez aritzerakoan eztabaida edukietara eramateko ordua ere bada. Hau da, honelako prozesu baten kostu/galerez hitz egiteari ez diogu uko egin behar, azkenean herritarren posizioa kostu/geleren inguruko balorazioak finkatu baitu.

Has gaitezen beraz pentsioen inguruko gaia apur bat zentratzen: Euskal Herria gauza izan daiteke etorkizunean bere pentsioak ordaintzeko? Galderak pentsioen gaia asko -gehiegi- sinplifikatzen du. Ez da alferrik demagogiarako eta manipulaziorako erraztasun handia ematen duen gaia. Egia esan Euskal Herriak badu ahalmena gaur egun pentsioak ordaintzeko, baina galdera honi erantzun aurretik, beste galdera batzuk ere egin behar dizkiogu gure buruari: zer nolako babes soziala eman nahi diegu herritarrei? Zer nolako pentsio sistema eskaini nahi dugu? Nola finantzatuko da sistema hori? Nola sortuko da aberastasuna? Eta ondorioz, gaur egungoa nahikoa al da? Egokia al da? Horrelako pentsio sistema bat, eta ondorioz, horrelako herri bat nahi dugu?

Planteatu diren inkognita horiei erantzuten ez badiegu, gaur egun Espainiak eskaintzen duen esparru estuan gelditzen gara, eta egoera horretan ez dago alderik Espainiaren pentsio sistemaren bideragarritasunaren, eta balizko euskal pentsio sistema baten artean. Laburbilduz, euskal sistema batek ezaugarri propioak izan beharko lituzke aipatutako galdera horien erantzunetik abiatuta. Eta horren arrazoiak bi behintzat badira:


  1. Euskal egitura ekonomikoak ahal duelako, eta Espainiarekiko ezberdina delako (oraindik orain), bai aberastasuna sortzeko moduan, bai berau banatzeko moduan.
  2. Espainiak gaur egun duen sistemak ez duelako epe ertain-luzera irauteko inolako bermerik ematen. Hau da, galdera alderantziz edo errekaren beste aldetik egin daiteke: Espainiaren pentsio sistema bideragarria al da? Eta erantzunak ezezkoaren itxura gehiago du baiezkoarena baino.
Hurrengo postean bigarren puntu honetatik abiatuko gara, hau da, zein den gaur egun dugun sistema, zein itxura izan dezakeen etorkizun hurbilean, eta horrek zein eragin izan dezakeen euskal herritar eta ekonomiarengan. 



2016(e)ko ekainaren 25(a), larunbata

Brexit, EU-shit eta Eusxit

Europaren mitoa, gaur egungoa, apurka-apurka, pusketaka-pusketaka, jausten ari da. Eta hain zuzen ere mito klasikoaren antzekotasunarengatik ari da jausten. Alegia, Europa bahitu egin du Zeusek (finantza handiek), eta horrexek Europarekiko herra dakar.

Europaren izenean hartu diren neurriek klase herritarrak nekatu dituzte. Nekez ezagutu daiteke Europar Batasuneko goi agintariena adinako menpekotasun, morroitasun eta zabarkeriarik, eta horrek azkenean dakarrena dakar. Brexita gertatu da, baina Europaren aurkako jarrerak gero eta gehiago ugaltzen ari dira Batasun guztian.

BREXIT
Brexita ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Gogoan izan behar dugu Europako bigarren ekonomiaz ari garela, eta europar fondoak hornitzen bigarrena, Alemaniaren atzetik. Berez eragina izango du europaren aurrekontuetan, jaso baino gehiago ematen duen herri bat joan baita. Merkataritza harremanei dagokienean, ikusi behar nola egiten den irteera hori, eta zein akordio bidez gauzatzen den. Dena dela, ez dirudi eraginik zertan izan behar duenik harremanotan irteerak, unean uneko ezegonkortasuna alde batera utzita. Tartean da Euskal Herria. Hegoaldearen laugarren bazkide komertziala omen da Erresuma Batua, eta ez dago arraozirik hori aldatzeko, libera britainiarraren gora beherekin gertatzen denaren pezkizan. Baina europar aurrekontuetan berriz eragina izango du.

Zalantzarik ez dago Brexiterako hainbat arrazoi badirela, tartean historikoak, britainiar idiosinkrasiari lotuak. Baina hauei begira jartzeak benetako arrazoiak ezkutatzen ditu: Europar Batasuna karga bezala ikustea. Oro har, klase herrikoiak izan dira dirudienez uzkurren europar sentimenduarekiko. Euren lepoan sentitu duten austeritatea Europak ezarritakoa denez, lehendik ere begi zeharka begiratzen zitzaion Europa horren aurkako sentimenduari gehitu zaio austeritate hori. Honela, erabat ondu da aurkakotasuna, hainbat faktore idiosinkratiko eta ez idiosinkratikoen batura, europar agintearen zabarkeriak katalizatuta. Ezin ahaztu gainera etengabe ematen duen herri bateko herritarrek gerrikoa estutu behar badute, normalena haserrea areagotzea dela.

EU-SHIT
Mitoa hautsi da, Euorparen azken 60 urteetako historiaren joera etorkizun loriatsu baterantz agregaziozkoa izango zela  esan dutenen mitoa apurtu da. Gero eta jende gehiagok sinisten du joera agregaziotik segregaziora joaten hasiko dela. Ez da soilik Brexita, Grexit ukatuaren zauriak ere hor dira, euroaren hausturaren arrisku iraunkorra, bi-hiru-lau abiaduratako Europa, eta abar horren erakusle. Ez da Erresuma Batukoa ale bakarra.

Egiaz ez da gaitasunik izan agregazioa eta kohesioa ahalbide zezakeen biderik hartzeko Europaren eraikuntzari dagokionean. Tradizioz ezkerreko ziren alderdi askok oso jarrera epela izan dute Europaren norabidea alde honetara bideratzerakoan. Askoz gehiago jo izan dute euren Estatuko politiken mesedetan, edo erabakien teknizimo eta ulertzeko zailtasunean babestuta, interes ilunagoen menpean deklaratu izan diren helbuuren mesedetan baino.

Edonola ere, Brexit hau Europa guztira begirako politiken aitzakia izango da. Schaublek, austeritatearen aita-pontekoak, eskuak libreago ditu austeritate neurriok iraunkortzeko. Neurriok Mediterraneoko herrien menpekotasuna areagotuko dute benetan iraunkortzen badira, eta bertako biztanleek erreakzionatzen ez badute, bai austeritatearen aurrean mobilizatuz, baita/edota neurri alternatiboak hartuz gero eta esparru murritzagoa ezartzen duen boltaje altuko artzai elektrikoaren hariak moztuz.

EUSXIT
Euskal Herrian, hegoaldean batez ere, Europak ez du irudi txarra, nahiz eta azken urteetan asko galtzen ari den bere irudia. Europan sartzeak onurak ekarri dizkio Euskal Herriari, edo hori sentitzen dugu behintzat. Ikuskera idiliko honek, azken urteetan, esan bezala, arrakala gero eta handiagoak ditu. Edonola ere bada garaia planteatzeko ea historikoki Europan egoteak egiaz mesede ala kalte egin digun. Zalantzarik ez dago mesedeak ekarri dituela, baina kalteei buruz hitz egiten ez den arren badira bat baino gehiago. Besteak beste honakoak:

  • Deskapitalizazioa, euroa ezartzeren ondorioz hemen inbertitzen zen dirua epe laburragoan etekin handiagoak eman zitzakeen (espekulazio bidez normalean) lekuetara eta burbuiletara desbideratu da
  • Autonomia hustutzeko kobertura juridikoa eman dio Europak Espainiari. Nahita ala nahi gabe, baina horrela izan da
  • Espainiaren krisiaren ordaintzaile egin gaitu bi aldiz: bata erreskatatzaile modura, eta bestea erreskatearen ordaintzaile nagusi modura. Izan ere, erreskatea Espainiari aplikatu bai, baina Euskal Herrian ez zegon arazo bati aplikatu zaiolako. Zerbitzu publikoen ahultzea eta zergapetze handiagoa jasan behar izan ditugu.
Batasuna baliagarri izan dadin, gaur egungo egitura eta politikak goitik behera errebisatuta egin beharko litzateke. Noski, eta zoritxarrez, errebisio egoera horretan eskuin muturrak (beraz egoismoak, klase bereko jendea etsaitzeak, arerioa identifikatzean distraitzeak) etxekolanak ondo eginda ditu aspalditik. Ez dugu ahaztu behar eskuin muturraren egitasmoa Europarentzat beste Plan B bat dela, oraingo A Planak kale egiten badu ere.

Egoera honetan Euskal Herriak zein ekarpen egin dezake? Bi gauza pentsatu behar ditu Euskal Herriak Europari dagokionean. Batetik Europar testuinguruan duen eragin ahalmena neurtu behar du. Eta bigarrenik, eta hori kontutan izanda, balantzea egin Europarekiko harremanetan kalteak irabaziak baino gehiago ala gutxiago diren ikusteko, eta gehiago izanda ere, zein aukera dagoen epe labur, ertain edo luezean hori aldatzeko. 

Balantze hauen erantzunek adierazi beharko lukete Euskal Herriaren jarrerak zein izan behar duen Europarekiko. 

2016(e)ko maiatzaren 17(a), asteartea

Euskal Herria ez da bideragarria (ekonomikoki) II, Espainia are gutxiago (y tú más alferra)

Aurreko batean bideragarritasunaz jarduterakoan eztabaida honen alferrikakotasuna aipatu genuen, bai behintzat ikuspegi politiko batetik.

Bideragarritasuna edo ez bideragarritasuna borondate kolektiboari bide ematea erabaki ondorengo zerbait da. Hau da, funtsezko galdera honakoa da: bideragarria zertarako? Nola bizi nahi dugu? Euskal Herria bideragarria izango da suposatzen da gaur egungo egoera hobetzeko adinako bitartekoak baditu edo eskura baditzake, eta berauek lurraldeari lotu denbora batean hala izan dadin.

Baina aurrekoan esandakoak esanda ere, gauzak argitu egin behar dira, eta agian beste ikuspegi batetik landu behar da gai hau, beste galdera bat eginaz erantzun beharko genuke: Euskal Estatu batek gure bizi baldintzak, bizimodu egoki baterako adinako zerbitzuak, soldatak, jarduera ekonomikoa eta egitura politikoa berma ditzake? Hau da benetako galdera.

Lehen ere esan dugu ezinezkoa dela gaur egungo egoeran, gaur egungo joerarekin bizi baldintzak hobetzea, beraz ez da bideragarria. Edonola ere, eta nahiz eta kanpo interesen araberako mezuekiko uzkur izan behar den, argi dago baldintza hauez hitz egin behar dela, eta egunerokoan eragina duten hainbat faktorek herritarrongan egundoko eragina dutela: enpleguak, soldatek, berdintasunarekin zerikusia duten politikek, birbanaketa politikek, pentsioek, zerga sistemak...

Hauetako batzuk gastu publikoarekin zerikusia dute, eta lehenago hitz egin behar da aberastasuna nola sortzen den, zein ezaugarri dituen, eta sortu den aberastasun honen onura orokorra den, ala gutxi batzuena herritarren pobretzearen kontura.

Baina oraingoz alde batera utziko dugu aberastasun sorreraren gaia, eta eztabaidaren grabitate zentroa ez dagokion lekura eraman arren, komeni da pentsioei buru hitz batzuk egitea, batez ere gai honen inguruko hainbat eztabaida saihesteko.

Pentsioak Euskal Herriak ordain ditzakeen galderari erantzun aurretik, ea une honetan Espainiak ordain ditzakeen argitu beharko litzateke. Pentsioak, badakigu, langileen kotizazio bidez ordaintzen dira, belaunaldi arteko kontratu bidez (gaur egungo langileek lehengo langileei, gaur egungo langileei etorkizuneko langileeek). Baina gaur egungo langileek ezin dute beraien lanaren bidez jasotzen diren kotizazioekin gaur egungo erretiratuen pentsiorik ordaindu ez Espainian ezta Hego Euskal Herrian ere. Horren arrazoia bikoitza da:

  • Langile gutxiago daude langabezia zabala medio
  • Soldatak asko jaitsi dira lan erreforma medio, eta ondorioz kotizazioak ere baxuagoak dira

Kotizazioen bidez gehiago jasotzen zenean pentsioetan gastatzen zena baino, 67.000 milioi euroko funtsa osatu zen kotizazio eta pentsio gastuaren artean defizita sortzen zenerako. Raxoik Gobernua hartu zuenetik, defizit hau kutxatik finantzatu zen, eta dagoeneko erdia baino gehiago gastatu da. Kutxa honi heltzeak, noski, badu beste helburu bat, PPren planteamendu sozioekonomikoekin zerikusia duena: pentsioen merkatua negozio pribatu bihurtzea. Horretarako onena pentsio publikoak ordaindu ezin direneko egoeraraino eramatea onena. Eta horretan fin ari dira 'liberalok', pentsio sistema usteltzen uzten alegia. Ondorioa: Espainian pentsioak ez dira ordainduko. Ez behintzat bide honetatik jarraituz gero, langabeziak bere horretan jarraitzen badu, soldatak igotzen ez badira, eta funtsa amaitzen bada. Gaur egun hiru hauek aldatzeko itxura al dute? Errazagoa da gurea aldatzea Espainia guztia aldatzea baino.

Hala ere, gaia ez da Euskal Herriak bere pentsioak ordain ditzakeen, baizik eta Espainian pentsioak ordain daitezkeen. Ikuspegi juridikotik Euskal Herriko pentsiodunek pentsioa jasotzeko eskubidea irabazia dute, beraz hor bestelako egitate politikoek ez dute zerikusirik. Balizko desanexio une batean, euskal herritarrei, horretarako adinako kotizazioak badituzte, Espainiak pentsioak ordaindu beharko lizkieke, urte luzez Espainian lanean aritu den atzerritarrari ordaintzen zaizkion modu berberean.

Baina eztabaida juridikoa ez bada, badaezpada ere gure bidez erantzun ahal izateko planteamendu bat egin behar da: diru sarreren politikari erreparatu behar diote euskal agintariek, egungoek eta etorkizunekoek, eta ez pentsioengatik, edo ez soilik horregatik. Bideragarritasuna dago jokoan, eta alternatibak topatu egin behar dira.

Tartean pentsioak ere sartzen dira, noski. Zenbat eta gehiago produzitu, zenbat eta produktu aurreratuagoak, zenbat eta ezagutza gehiago izan, orduan eta lan gehiago egongo da, orduan eta soldata altuagoak, eta beraz, diru sarrera publiko gehiago. Beraz pentsio egkiak ordaintzkeo aukera handiak. Hain urrun ez gaude oraindik errealitate hori eraikitzeko ahalmena izatetik.

Bideragarritasun hori, edo hobe esanda, etorkizun hobe bat izateko bitartekoak eta nahia izatea, gaur egundik topatu behar da. Pentsioak horren agerpen bat baino ez dira. Pentsioekin batera, edo lehenago, pentsio horiek ordainduko dituen aberastasuna nola sortzen den, zein ezaugarriko egitura ekonomikoa bultzatuko den horretarako, zein langile mota behar dugun, zein azpiegutra mota, zein inbertsio publiko eta pribatu aukera, zein bitarteko finantzario... Hori da bidea bideragarri izateko.

Ez dugu ahaztu behar, sortzen-bultzatzen ditugun egitura ekonomikoek gizarte mota jakin bat osatuko dute. Eta hor guk geuk erabaki ahal izateko guk geuk pentsatu behar dugu aurrena nolakoak izan nahi dugun. Bestela beste batzuk pentsatuko dute.