Aipatu ere egin genuen gaur egungo sistemaren erreplika hutsa den batek, gaur egungo gabeziak errepikatuko dituela, eta honelako sistema baten birbanaketarako ahalmena desagertarazten du. Hau da, ezin da izan Espainian indarrean dagoen sistema, izan ere, injustua delako, ez duelako anbizio sozialik, desberdintasunak iraunkortzen eta handitzen dituelako, eta ezin zaiolako ekonomiaren dinamizazioan etekinik atera. Besteak beste.
Honek Espainiari buruz hitz egitera garamatza. Espainiarekin konparatzea kontuz egin beharreko zerbait da. Gure arduradun politikoek joera handia dute konparazio hau triunfalismorako erabiltzeko. Espainia baino hobeto egotea izango balitz bezala gure aspirazio politiko bakarra. Zoritxarrez, konparazio hori oso kaltegarria ari da suertatzen, gero eta gehiago asimilatzen baigaitu desberdintasunak areagotzen, prestazio sozialak murrizten, eta pobrezia zabaltzen duen egitura ekonomiko batekin.
Kasu honetan baina konparazioa ezinbestekoa da, dugunetik -espainiar pentsio sistemaren ezaugarrietatik- abiatu behar baigara azalpenak eman eta alternbatibak mahai gainean jartzeko.
Zein ezaugarri ditu gehien ezagutzen dugun pentsio sistemak? (Espainiakoak alegia) Lanaren errenten bidez finantzatzen da, hau da, langileen eta enpresen kotizazioen bidez. Enpresen kasuan langileengatik kotizatzen dena da pentsioak finantzatzeko erabiltzen dena, ez zergengatik -adibidez, sozietateen zergarengatik- ordaintzen dena.
Espainiaren kasuan bide hau jarraitzeak gero eta itogin gehiago ditu:
- Herritargoa gero eta zaharragoa da, beraz gero eta diru gehiago behar da pentsioetarako.
- Langabezia altuak eta lan baldintza txarrek kotizazio kaxkarrak sortzen dituzte, eta horrek murriztu egiten du soilik laneko kotizazioek eusten duten pentsio sistema bat
- Gertakari hau aspalditik aurreikus bazitekeen ere, ez da ezertxo ere egin pentsio sistemari eusteko.
- Soluzioa topatu baino, arazoa geroratzeko eta pentsio sistemaren eraiste neurtua gauzatzeko zenbait gauza egin dira ordea: "pentsioen itsulapikoa" deitzen dena agortu, pentsioak jaitsi, pentsioak berandutu, eta batez ere pentsio sistema eraisteko oinarri ideologikoarekin gizartea blai egin
- Espainiako pentsio sistema eta oro har, lanarekin zerikusia duten politika guztiak, oso zentralizatuta daude, eta horrek errealitate ezberdinak ez aintzat hartzea dakar, homogeneizazio soziala (eta ondorioz baita politikoa eta kulturala ere ) egoera kaxkarrenetatik asimilatuz
Espainiaren egitura sozio-ekonomikoak hau dena azal dezakeen ezaugarri bat badu: botere finantzarioren indar politiko ikaragarria. Eta honen ifrentzua: indar sozialen makaltasuna. Botere finantzario honek pentsioetarako erabiltzen den kopurua, beren eskuetatik aldentzen den dirua da. Une honetan Barne Produktu Gordinaren %11ri buruz ari gara. Finantza erakundeek beren propaganda makinaria guztia martxan jarri dute pastel gozo horren puska ahalik eta handiena eskuratzeko.
Indar finantzario hauek nola galgatzen duten gizartearen bilakaera kualitatiboa une batez begiratzea merezi du, begi zeharka bada ere, gudu zelai nagusienetako bat pentsioen sistema bihurtu baitute. Hurrengo post baterako geratzen da gai hau.
Zorionak¡ eztabaida beharrezkoa¡
ErantzunEzabatu