2017(e)ko ekainaren 19(a), astelehena

Pentsioak Euskal Herri burujabean (3) Manipulazioa eta hedabideak

Pentsioen gaia, eta oro har, aberastasuna sortu eta banatze sistemak Euskal Herrian aztertzerakoan, gai ekonomikoa baino politikoa dela adierazten ahalegindu gara aurretik ere. Hau da, ez dago ate itxirik eta ezinezkoak direnik (printzipioz behintzat), dena dago erabakitzen denaren baitan, hau da, erabaki politikoen baitan.

Erabaki politikoei buruz berriketan, herri baten nagusi den kultura politikoak ez da aginte gune formaletan (gobernua, parlamentua...) dagoen alderdiak edo ideologiak markatzen duena, haratago baitoa. Kultura politiko sortzerakoan edo erreproduzitzerakoan, zeresan handia du baloreak/mezuak jende askorengana transmititzeko gaitasuna edukitzeak. Eta hau hedabideen bidez egiten da.

Honela, pentsioez, eta oro har, politika ekonomikoarekin zerikusia duten gaiez hitz egiten badugu, ideologiaz ari gara. Ideologia hori zabaltzeko ahalmena duenak, indar handiagoa izango du. Gai hauez etengabe diharduten talde mediatikoak badira, tai gabe gainera jite ideologiko bat, eta ondorioz, pentsioen eta oro har, zerbitzu sozialen jite bat markatzen ari dira. Argi adierazten du honek pentsioak ofentsiba ideologikorako oso esparru aproposa direla. Ofentsiba horretarako ideiak, esterotipoak, mitoak eta presuntzioak zabaltzeko tresna garrantzitsuenetakoa prentsa idatzia da, paperezko egunkariak alegia. Eta batez ere prentsa generalista deitzen dena.

Paradoxa dirudi esandakoak. Nola liteke paperezko prentsak abiada bizian irakurleak galtzea baina ofentsiba ideologiko baterako tresna nagusienetakoa dela esatea? Irakurleak galdu eta galdu aritu arren, idatzizko hedabideek prestigio bat gorde dute trantsizio garaitik: infromazioa ematerakoan egiazkotasunez jardutearen berniza. Eta hori aprobetxatu egin dute erakunde finantzarioek. Azken urteotan, estatuko bankuak zorrez leporaino zeuden prentsaren finantzazioan sartu dira, zenbait bide erabiilz horretarako:
  • Akzioak erosiz, 
  • Kredituak emanaz
  • Publizitate kanapina oso garestiak sartuz hedeabide hauetan
Adibide modura El País-PRISAren kasua har dezakegu, bilakaera ideologiko-editorial handia eskatu baitio bi faktorek markatutako inguruabarrak: batetik prentsaren salmeneten gainbehera, eta bestetik finantza erakundeak hedabidearen jabe egitearen arteko konbinazioak. Bere ibilbidearen paradoxek asko lagundu diezaieke jabe berriei -baita posizio zaharragoak eusteko interes gutxi arina izan dezaketen jabe zaharrei- posizionamendu ideologiko nagusiak (pentsio publikoen aldekoa, babes sozialari buruzkoa eta sektore publikoari buruzkoa oro har) aldatzeko ahaleginean:
  • Prisaren jabetzan 2014an erakunde finantzarioak (Santander, HSBC, CaixaBank) sartu ziren, baita Amber inbertsio funtsa ere. 
  • 2014an Prisa taldearen pasiboak 5.000 milioi euro kontabilizatu zituen. Aipatutako erakunde finantzarioak sartu ziren orduan, eta kapital hedapenaren bidez eta kreditu operazioen bidez pasiboa murriztu egin zen, eta egoera finantzarioak oso konplikatua izaten jarraitu arren, arnsa hartu ahal izan du El Paísek. Horretan lagundu du baita ere bankuok egindako kanpainek -baita publizitate instituzionalak ere-. Oso kanpaina garestiak eta masiboak.
  • Une horretatik aurrera, El Paisen kokapen ideologikoa aldatzen hasi zen, banku erreskatearekiko epelduz, eta negozio finantzarioei oinarri ideologikoa emanaz.
  • 2017an Estatuan 100.000 ale baino gutxiago salduz hasi zuen (batzuk 80.000 alez hitz egiten dute). Bost urtean 390.000 ale saltzetik 80.000 ale saltzera pasa dira beraz. 
PRISA taldea aipatu dugu, pentsioen babesarekiko eta ekonomia finantzarioarekiko historikoki jarrera jakin bat suposatu zaiolako, eta jarrera horren antipodetan jarri delako, baina pentsioen kontrako ofentsiba gordindu egin da asko idatzizko prentsa 'ohikoenean', Vocento taldean adibidez, baina baita El Mundo, eta hedabideon egunkari sepiatan: Expansión, Cinco Días eta abar.

Negozioa beraz, ez da egunkarien salmenta, baizik eta egunkarien bidez gauzatzen den tresna ideologikoa, finantza erakundeen agenden mesedekoa. Egunkari handienen salmenta zuzeneko negozio baino, beste negozio batzuen palanka edo tresna bihurtu dira, erreskatea, pentsioen pribatizazioa, txanpon hedapena, bezalako negozioena hain zuzen ere. Hau da: hedabideetan erakunde finantzarioek duten interesak, beren emaitzak, negozioak eta eragin politikoa handitzeko ahaleginaren ondorio dira.

Pentsioen kasuan, pentsio publikoen sistemari buruzko zalantzak etengabe zabaltzen dira (kotizazioen nahikotasun eza, pentsioen eltzetxua agortzea, erretiro adina atzeratzearen ezinbestekotasuna...), eta pentsio pribatuen onurak azpimarratu. Horretarako joera jakin bateko adituak eta ekonomistek baino ez dute izaten hedabideon talaia eskura, hain zuzen ere, sistema pribatizatzea eta eraistea helburu dutenak. Aldiz, kontrako adibideen berri apenas ematen da. Txileko pentsio sistema pribatizatuaren berririk apenas eman da esate baterako. Txilen une honetan gatazka ikaragarria dago pentsioen inguruan, banku negozio bihurtu baitziren Pinocheten garaitik.




Zalantzarik gabe, pentsio sistema ekonomia errealetik, ekonomia produktibotik gertuago jartzeko ahalmena, Espainiaz besteko esparru batetik gauzatzea errealagoa izango da, mezuak, eta batez ere eduki ideologikoa errazago hedatzeko ahalmena dagoen esparru batetik. Euskal esparruaren arabera antolatzeak erauntsi ideologiko horretan interes orokorraren -eta ez interes finantzarioaren- mesedetan arrakasta izateko aukera askoz gehiago ematen ditu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina