Alarma gorriak pizten dira sarri gurean: haizeteengatik, euriteengatik, bero saparengatik... eta pentsioengatik. Alarma ziklikoen baitan koka dezakegu pentsioen inguruko asaldura publikoa. Baina pentsio sistema akitzea ez da halabeharraren ondorio. Ez da fenomeno meteorologiko bat, jasatea beste erremediorik gabe tokatzen zaiguna. Pentsioen sistema publikoa agortzea erabaki politiko finantzario bat da, sistema mantentzea erabaki politikoa den modu berean.
Egun hauetan, urtean birritan tokatzen den pentsioen inguruko alarma sirenak joka aritu dira, udarako zein gabonetako estra ordaintzea tokatzen den bakoitzean bezala. Oraingoan haginkadak ez dio soilik pentsioen eltzetxuari eragin, beste finantzazio formula batekin konbinatu da: sistema zorpetzea. Behar denaren heren bat eltzetxutik, eta bi heren mailegu bidez finantzatuko da. Kitto. Ez da planteatzen beste aukerarik.
Zergatik ez da planteatzen eltzetxua agortu eta zorpetzea baino ez den beste aukerarik? Inork ez du beste zerbait pentsatu? Ez du ematen.
Argi dago Gizarte Segurantzaren ardura duten administrazioek ez dutela pentsioen aldeko ekimenik martxan jartzen, pentsio publikoen aldekorik behintzat. Administrazioak aipatu ditugu, pluralean, izan ere pentsio sistema publikoa Madrilgo Gobernuaren ardura bada ere, pentsio pribatuen aldeko politikak -eta ondorioz, pentsio publikoen kaltekoak- urte askoko ibilbidea dute bai Gobernu Autonomikoaren jardunean, baita Foru Aldundienean ere, batez ere politika fiskala erabiliz horretarako. Ez dugu ahaztu behar pentsio publikoen sistema eta pentsio pribatuen sistema baso komunikanteak direla, hau da, bata handitzeak bestea urritzea dakar, eta alderantziz.
Merezi al du pentsio pribatuak?
Baina pentsio funtsak benetako aukera al dira? Pentsio funtsek, sistema publikoaren inguruko mezu alarmistak medio, eta administrazioen utzikeria medio, gorakada handia izan dute aurrezleen artean. Berez ez dira inbertsio tresna bat, prebisio tresna bat dira, eta errentagarritasuna ere txikiagoa da. Alde batera utziaz pentsio publiko sistema batek duen izaera edo bokazio unibertsala eta aberastasunaren birbanaketarako izaera (pentsio sistema pribatuek ez dutena), pentsio pribatuok benetan errentagarriak diren, alegia, merezi duten ikusi behar da.
Emaitzak ikus ditzagun beraz. Kalkuluen arabera eskatzen duen aurrezki ahalegina handia izanda ere, hamabost urtera begirako errentagarritasuna %1,58koa da. Demagun hamabost urteren buruan 30.000 euro bideratu ditugula, hamabost urteren buruan bataz besteko zenbakietan kokatzen den pentsio plan baten errentagarritasuna ez da 600 eurora iritsiko. Gehitu honi pentsio pribatu gehienek ez dutela ezta bizitzaren kostuaren adinako igoerarik izaten.
Quefondos.com web guneak 1.100 pentsio funtsen errentagarritasunari buruzko ranking bat egin du. Ranking horren arabera, hamar urteko emaitzak aztertuz, soilik 400 baino apur bat gehiagok ematen dituzte emaitza positiboak. Hortik aurrera galerak ematen dituzte, eta 500.etik aurrera oso galera handiak gainera. Funts hauen %99en errentagarritasuna Estaduaren bonuen azpikoa da gainera.
Atsotitz zaharra ere baliagarria da hemen: jokoa ez da errenta!
Zergatik -eta nola- bultzatzen dira pentsio pribatuak?
Aurreko datuek planteatzen duten galdera logoikoa da goiburukoa. Espainiaren ekonomiaren ezaugarriak funtsezkoak dira pentsio pribatuen aldeko apustua ulertzeko. Zergatik hori azaldu aurretik ondorio praktikoari begiratzen hasiko gara. Ondorio praktikoa da transferentzia bat izan dela azken hamarkada hauetan pentsio sistema publikotik funts pribatuetara. Krisiak, aurrezki ahalmena jaitsi duen arren, sistema publikoarekiko kezkek eta mezu negatiboak hauspotu egin dituzte pentsio pribatuak.
Ze diru kopuruz ari gara? 2016rako 100.000.000.000 eurotik gora bideratu zen aurrezki pribatutik funts hauetara. Urtetik urtera igotzen joan da funts hauetan sartu izan den dirua. Krisi urteotan, logikak agindu dezakeenaren kontra (aurrezki ahalmena jaitsi egin baita, eta produktua ez baita errentagarria), heren batean handitu da sistema pribatura aurrezleek bideratu duten diru kopurua (nahiz 2010 eta 2011an beherantz egin). Hona grafika:
Funts hauen erabiltzaileak normalean gainera errenta ertainak izaten dira, langile jendea alegia. Inbertsore handi eta errenta altuek erabiltzen ez duten produktu bat da. Baina diru kopuru handiak kaptatzeko tresna bat dira. Nola? Sistema publikoaren etorkizunari buruzko etengabeko zalantzak sortuz, eta pentsio sistema pribatuen onurak aipatuz zein aldeko politikak inplementatuz. Arduradun politikoek, Espainiako Bankuko gobernadoreak, bankuetako goi arduradunek zein 'adituek', behin eta berriro azpimarratzen dute pentsio publikoen amaiera, alternatiba pentsio pribatuak direla azalduz. Egunkari hedatuenek ere honelako mezuei segituan ematen diete espazioa. Baina argi dago ez dela negozioa aurrezleentzat eta etorkizunarekiko kezka duenarentzat. Besterik gabe funtsak kaptatzeko tresna bat dira. Hau da, negozio dira, baina finantza erakundeentzat, pentsio sistema publiko on batek esku artetik kenduko liekeen negozio bat.
Sistemaren akidura honetatik kanpo ez daude finantza erakundeak, onuradun nagusienak baitira, eta ez dugu ahaztu behar erakundeok Espainian duten ahalmena oso handia dela, eta ahalmenaz gain entrama ere.
Hego Euskal Herrian berriz botere finantzarioak izan dituen ezaugarri propiengatik eragin politiko zabalerako borondatea neurtuagoa izan du. Aurrezki kutxen eta banku kooperatiboen ezarpenak hori ahalbidetu du historikoki. Hala ere, Gizarte Segurantzaren konfigurazioa Estatuari dagokion eskumena izanda, zaila da sistema honen eraiste neurtuak mahai gainean jartzen duen negozio aukerei uko egitea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina