2017(e)ko apirilaren 17(a), astelehena

Pentsioak Euskal Herri burujabean

Geldialdi luze baten ondoren, ondorengo post hauetan pentsioen gaia aztertuko dugu. ZERGATIK EZ euskal errepublikaren aldeko mugimenduak esaktuta, joan den apirilaren 4an Donostiako Antiguan emandako hitzaldi batetik abiatuta landu dira honakoak.

Pentsioen gaia, eta zehazki, pentsioen bideragarritasuna edo ordaintzeko ahalmena aztertzea, bidea eta aukerak topatzea, burujabetzaren aldeko mugimendu batean osagai oso garrantzitsua da, izan ere independentzia eta burujabetza eremu errealean kokatzen du, hau da, herri bateko jendearen "eguneroko kezka" edo "arazo errealen" eremuan. Eremu honetan daude baita ere izaera sozio-ekonomikoa duten beste hainbat kezka edo gai, pentsioekin oso lotuta daudenak gainera: lana edo langabezia, estaldura soziala, zerbitzu sozialak, egitura ekonomikoa, sektore publkoaren ezaugarriak, inbertsio publikoaren noranzkoa.... Gai hauekin, eta konkretuak diren beste hainbatekin, independentziaren aukera, eta Euskal Herriaren burujabetzari buruzko eztabaida eduki errealetara eramaten da terreno idealetik edo boluntarista hutsetik haratago. Zentzu honetan, burujabetzaren aurkako indarrek oso ondo jakin zein den kezka/gai hauen transzendentzia esan izan dutenean Euskal Herri -edo Katalunia, edo Eskozia- independiente batek ez lukeela pentsioarik ordaintzeko adinako ahalmenik -edo osasun sistema bat mantentzeko adinakorik, edo gaur egungo aberastasun maial mantentzekorik, edo ...-. Gogoan izan behar dugu pentsioen inguruko zalantzek tolestu zutela Eskozian 2014an egindako erreferenduma Erresuma Batuan geratzearen alde.

Pentsioen ingurukoak, baina baita "eguneroko kezka" edo "arazo erreal" modura aipatu ditugunak bizi baldintza egokiak finkatzen dituzte, baita garapen eredua ere. Garapena eutsi ahal izateko aberastasunaren sorreraren ezaugarriak funtsezkoak dira zentzu honetan, zenbat aberastasun sortzen den garrantitsua bada, zein ezaugarritako aberastasuna sortzen den, eta nola horrek lan baldintzak, eta ondorioz bizi-baldintzak determintatzen dituen are garrantzitsuagoa da. Aurreratutzat ditugun gizarteetan, garapenak ezaugarri kualitatibo oso definituak izan ohi ditu, aberastasunaren osagai kuantitatibo hutsak baino pisu gehiagokoak: herritarren ongizatea, inguruaren babesa, aisia eta lanaren arteko harremana, zerbitzu publiko egokiak eta pertsona nagusien autonomia eta abar aintzat hartuko dituena. Honela bada, pentsioak, eta pentsioen nahikotasuna pieza oso garrantzitsua da herrialde hauetan.

Eta Euskal Herrian? Esan bezala, nolakotasun Euskal Herri nahi dugun adierazterakoan pentsioek ezaugarriek nolakotasun hori definitzen lagunduko dute. Baina ez hori bakarrik, pentsioak nolakotasun horren osagai zentraletako bat izango dira. Esan bezala, horretaz oso jakitun izan dira Euskal Herria menpeko egin (nahi) duten indar politiko eta ekonomikoak, pentsioak ordaintzeko ahalmena ukatuz Euskal Herriari.

Ez da une txarra beraz gai honi heltzeko. Burujabetzaren osagaiez eta indepentzia prozesuez aritzerakoan eztabaida edukietara eramateko ordua ere bada. Hau da, honelako prozesu baten kostu/galerez hitz egiteari ez diogu uko egin behar, azkenean herritarren posizioa kostu/geleren inguruko balorazioak finkatu baitu.

Has gaitezen beraz pentsioen inguruko gaia apur bat zentratzen: Euskal Herria gauza izan daiteke etorkizunean bere pentsioak ordaintzeko? Galderak pentsioen gaia asko -gehiegi- sinplifikatzen du. Ez da alferrik demagogiarako eta manipulaziorako erraztasun handia ematen duen gaia. Egia esan Euskal Herriak badu ahalmena gaur egun pentsioak ordaintzeko, baina galdera honi erantzun aurretik, beste galdera batzuk ere egin behar dizkiogu gure buruari: zer nolako babes soziala eman nahi diegu herritarrei? Zer nolako pentsio sistema eskaini nahi dugu? Nola finantzatuko da sistema hori? Nola sortuko da aberastasuna? Eta ondorioz, gaur egungoa nahikoa al da? Egokia al da? Horrelako pentsio sistema bat, eta ondorioz, horrelako herri bat nahi dugu?

Planteatu diren inkognita horiei erantzuten ez badiegu, gaur egun Espainiak eskaintzen duen esparru estuan gelditzen gara, eta egoera horretan ez dago alderik Espainiaren pentsio sistemaren bideragarritasunaren, eta balizko euskal pentsio sistema baten artean. Laburbilduz, euskal sistema batek ezaugarri propioak izan beharko lituzke aipatutako galdera horien erantzunetik abiatuta. Eta horren arrazoiak bi behintzat badira:


  1. Euskal egitura ekonomikoak ahal duelako, eta Espainiarekiko ezberdina delako (oraindik orain), bai aberastasuna sortzeko moduan, bai berau banatzeko moduan.
  2. Espainiak gaur egun duen sistemak ez duelako epe ertain-luzera irauteko inolako bermerik ematen. Hau da, galdera alderantziz edo errekaren beste aldetik egin daiteke: Espainiaren pentsio sistema bideragarria al da? Eta erantzunak ezezkoaren itxura gehiago du baiezkoarena baino.
Hurrengo postean bigarren puntu honetatik abiatuko gara, hau da, zein den gaur egun dugun sistema, zein itxura izan dezakeen etorkizun hurbilean, eta horrek zein eragin izan dezakeen euskal herritar eta ekonomiarengan. 



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina