Bideragarritasuna edo ez bideragarritasuna borondate kolektiboari bide ematea erabaki ondorengo zerbait da. Hau da, funtsezko galdera honakoa da: bideragarria zertarako? Nola bizi nahi dugu? Euskal Herria bideragarria izango da suposatzen da gaur egungo egoera hobetzeko adinako bitartekoak baditu edo eskura baditzake, eta berauek lurraldeari lotu denbora batean hala izan dadin.
Baina aurrekoan esandakoak esanda ere, gauzak argitu egin behar dira, eta agian beste ikuspegi batetik landu behar da gai hau, beste galdera bat eginaz erantzun beharko genuke: Euskal Estatu batek gure bizi baldintzak, bizimodu egoki baterako adinako zerbitzuak, soldatak, jarduera ekonomikoa eta egitura politikoa berma ditzake? Hau da benetako galdera.
Lehen ere esan dugu ezinezkoa dela gaur egungo egoeran, gaur egungo joerarekin bizi baldintzak hobetzea, beraz ez da bideragarria. Edonola ere, eta nahiz eta kanpo interesen araberako mezuekiko uzkur izan behar den, argi dago baldintza hauez hitz egin behar dela, eta egunerokoan eragina duten hainbat faktorek herritarrongan egundoko eragina dutela: enpleguak, soldatek, berdintasunarekin zerikusia duten politikek, birbanaketa politikek, pentsioek, zerga sistemak...
Hauetako batzuk gastu publikoarekin zerikusia dute, eta lehenago hitz egin behar da aberastasuna nola sortzen den, zein ezaugarri dituen, eta sortu den aberastasun honen onura orokorra den, ala gutxi batzuena herritarren pobretzearen kontura.
Baina oraingoz alde batera utziko dugu aberastasun sorreraren gaia, eta eztabaidaren grabitate zentroa ez dagokion lekura eraman arren, komeni da pentsioei buru hitz batzuk egitea, batez ere gai honen inguruko hainbat eztabaida saihesteko.
Pentsioak Euskal Herriak ordain ditzakeen galderari erantzun aurretik, ea une honetan Espainiak ordain ditzakeen argitu beharko litzateke. Pentsioak, badakigu, langileen kotizazio bidez ordaintzen dira, belaunaldi arteko kontratu bidez (gaur egungo langileek lehengo langileei, gaur egungo langileei etorkizuneko langileeek). Baina gaur egungo langileek ezin dute beraien lanaren bidez jasotzen diren kotizazioekin gaur egungo erretiratuen pentsiorik ordaindu ez Espainian ezta Hego Euskal Herrian ere. Horren arrazoia bikoitza da:
- Langile gutxiago daude langabezia zabala medio
- Soldatak asko jaitsi dira lan erreforma medio, eta ondorioz kotizazioak ere baxuagoak dira
Kotizazioen bidez gehiago jasotzen zenean pentsioetan gastatzen zena baino, 67.000 milioi euroko funtsa osatu zen kotizazio eta pentsio gastuaren artean defizita sortzen zenerako. Raxoik Gobernua hartu zuenetik, defizit hau kutxatik finantzatu zen, eta dagoeneko erdia baino gehiago gastatu da. Kutxa honi heltzeak, noski, badu beste helburu bat, PPren planteamendu sozioekonomikoekin zerikusia duena: pentsioen merkatua negozio pribatu bihurtzea. Horretarako onena pentsio publikoak ordaindu ezin direneko egoeraraino eramatea onena. Eta horretan fin ari dira 'liberalok', pentsio sistema usteltzen uzten alegia. Ondorioa: Espainian pentsioak ez dira ordainduko. Ez behintzat bide honetatik jarraituz gero, langabeziak bere horretan jarraitzen badu, soldatak igotzen ez badira, eta funtsa amaitzen bada. Gaur egun hiru hauek aldatzeko itxura al dute? Errazagoa da gurea aldatzea Espainia guztia aldatzea baino.
Hala ere, gaia ez da Euskal Herriak bere pentsioak ordain ditzakeen, baizik eta Espainian pentsioak ordain daitezkeen. Ikuspegi juridikotik Euskal Herriko pentsiodunek pentsioa jasotzeko eskubidea irabazia dute, beraz hor bestelako egitate politikoek ez dute zerikusirik. Balizko desanexio une batean, euskal herritarrei, horretarako adinako kotizazioak badituzte, Espainiak pentsioak ordaindu beharko lizkieke, urte luzez Espainian lanean aritu den atzerritarrari ordaintzen zaizkion modu berberean.
Baina eztabaida juridikoa ez bada, badaezpada ere gure bidez erantzun ahal izateko planteamendu bat egin behar da: diru sarreren politikari erreparatu behar diote euskal agintariek, egungoek eta etorkizunekoek, eta ez pentsioengatik, edo ez soilik horregatik. Bideragarritasuna dago jokoan, eta alternatibak topatu egin behar dira.
Tartean pentsioak ere sartzen dira, noski. Zenbat eta gehiago produzitu, zenbat eta produktu aurreratuagoak, zenbat eta ezagutza gehiago izan, orduan eta lan gehiago egongo da, orduan eta soldata altuagoak, eta beraz, diru sarrera publiko gehiago. Beraz pentsio egkiak ordaintzkeo aukera handiak. Hain urrun ez gaude oraindik errealitate hori eraikitzeko ahalmena izatetik.
Bideragarritasun hori, edo hobe esanda, etorkizun hobe bat izateko bitartekoak eta nahia izatea, gaur egundik topatu behar da. Pentsioak horren agerpen bat baino ez dira. Pentsioekin batera, edo lehenago, pentsio horiek ordainduko dituen aberastasuna nola sortzen den, zein ezaugarriko egitura ekonomikoa bultzatuko den horretarako, zein langile mota behar dugun, zein azpiegutra mota, zein inbertsio publiko eta pribatu aukera, zein bitarteko finantzario... Hori da bidea bideragarri izateko.
Ez dugu ahaztu behar, sortzen-bultzatzen ditugun egitura ekonomikoek gizarte mota jakin bat osatuko dute. Eta hor guk geuk erabaki ahal izateko guk geuk pentsatu behar dugu aurrena nolakoak izan nahi dugun. Bestela beste batzuk pentsatuko dute.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina