Garrantzitsua da galdera zeinek egiten duen eta zergatik egiten duen argitzea. Galdera hau egiten duenak ezezko erantzuna bilatzen du. Normalean Euskal Herriaren burujabetzari eragozpenak jartzen dituztenek planteatzen dituzte honelako galderak-afirmazioak, hau da, Euskal Herriaren etorkizuna beste egitura politiko formal eta informal (edo ekonomiko) batzuei menpekotasunez lotuta nahi dutenentzat. Honelako afirmazio-galderak egiten dituztenak Estatu, finantza erakunde eta enpresari elkarteetako pertsonak izatea bera esanguratsua da. Bilatzen den ondorioa: Euskal Herriak uko egin behar dio bere etorkizunerako tresnak (politikoak, ekonomiskoak, sozialak...) ustiatzeari. Uko egite horrekin nekez da bideragarri ezer ordea, ez estatu aspirazio bat, ez eskaratze batean igogailu berria jartzea ere.
Galderari-afirmazioari (Euskal Herria bideragarria la da ekonomikoki?) helduz berriro, ez dugu imaginatzen galdera hau bere buruari egiten Frantzia, Espainia, edo beste edozein estatu. Horrek aditzera ematen du galdera horren izaera tranpatia. Etengabe galdera honi erantzun beharrak etengabeko justifikazioan katigatzen da burujabetzaren alde diharduena. Beti egongo dira gai berberak mahai gainean, eztabaida berberak xehetasun eta ñabardura berriekin hornituak, beti ere puntu ahulak bilatuz, eta Espainiaren edo Frantziaren beharra azpimarratuz -eta zeharka posizio ultraliberalenak bidenabar-, enpresari handien interesak defendatuz, interes finantzario handienak babestuz. Zorigaiztoko mekanismo dialektiko hau murrizketekin aplikatu den berbera da: gizartea bera ez da bideragarria lan erreformarik gabe, pentsioak jaitsi gabe, langabezia murriztu gabe, negoziazio sindikala hustu gabe. Mekanismo dialektiko honek borondate politikoak ukatzen ditu, eta dena erabaki teknikoetara murriztu. Badakigu horrek nora eraman gaitun. Edonola erabaki hauek beti dira politikoak, mozorro teknikoaren atzean, denongan eragina dutelako, eta erabakiak daudelako atzean.
Bideragarritasunaz baino burujabetzaz hitz egin behar dugu. Hau da, gure gizartearen etorkizuna ahalik eta jende gehienaren onura lortzeko bitartekoen jabetza izatea ala ez izatea da bideragarritausnaren giltza.
Espainiaren adibidea ona da bideragarritasuna burujabetzaren menpeko dela ulertzeko. Espainian enplegu galerak eta gizartearen pobretze orokorrak (BPG indizea goraka joan arren, aberastasun hori nora joan den eta nortzuk poltsikoratu duten argitu behar) etorkizun hurbilean Estatu bideragarria den zalantzan jarri du: krisi politikoa, ekonomikoa, instituzionala eta soziala norainokoa den ikusita Interrogante asko daude airean.
Euskal Herriak beste errealitate sozial eta ekonomiko bat du, eta jakin izan du gainera azken hamarkadetako erauntsi oligarkiko horren aurrean bere aukera gauzatzen, neurri batean behintzat. Hala ere, une honetan burujabetza galera dakarten politiken eta neurri faktikoen aurrean enpresa handienen eta ardura politiko nagusienen jarrerak arrisku handi batzuk dakartza, eta erreakzionatu beharra nabaria da. Zein da arriskua gaur? Besteak beste egitura ekonomiko arrotzetan asimilatzea, aberastasuna modu ezberdinean banatzea, eta herritarrei -gaurkoei eta biharkoei- etorkizuna ebastea.
Beraz gure erronka ez da bideragarriak garen ala ez garen, baizik eta nola bizi nahi dugun, denon onura bilatuko duen egitura politikoak bilatuko ditugun ala ez. Etorkizun bat izateari erantzun alegia, eta hori onura orokorra eta herri interesa ipar jarrita egiten da.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina