2016(e)ko ekainaren 25(a), larunbata

Brexit, EU-shit eta Eusxit

Europaren mitoa, gaur egungoa, apurka-apurka, pusketaka-pusketaka, jausten ari da. Eta hain zuzen ere mito klasikoaren antzekotasunarengatik ari da jausten. Alegia, Europa bahitu egin du Zeusek (finantza handiek), eta horrexek Europarekiko herra dakar.

Europaren izenean hartu diren neurriek klase herritarrak nekatu dituzte. Nekez ezagutu daiteke Europar Batasuneko goi agintariena adinako menpekotasun, morroitasun eta zabarkeriarik, eta horrek azkenean dakarrena dakar. Brexita gertatu da, baina Europaren aurkako jarrerak gero eta gehiago ugaltzen ari dira Batasun guztian.

BREXIT
Brexita ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Gogoan izan behar dugu Europako bigarren ekonomiaz ari garela, eta europar fondoak hornitzen bigarrena, Alemaniaren atzetik. Berez eragina izango du europaren aurrekontuetan, jaso baino gehiago ematen duen herri bat joan baita. Merkataritza harremanei dagokienean, ikusi behar nola egiten den irteera hori, eta zein akordio bidez gauzatzen den. Dena dela, ez dirudi eraginik zertan izan behar duenik harremanotan irteerak, unean uneko ezegonkortasuna alde batera utzita. Tartean da Euskal Herria. Hegoaldearen laugarren bazkide komertziala omen da Erresuma Batua, eta ez dago arraozirik hori aldatzeko, libera britainiarraren gora beherekin gertatzen denaren pezkizan. Baina europar aurrekontuetan berriz eragina izango du.

Zalantzarik ez dago Brexiterako hainbat arrazoi badirela, tartean historikoak, britainiar idiosinkrasiari lotuak. Baina hauei begira jartzeak benetako arrazoiak ezkutatzen ditu: Europar Batasuna karga bezala ikustea. Oro har, klase herrikoiak izan dira dirudienez uzkurren europar sentimenduarekiko. Euren lepoan sentitu duten austeritatea Europak ezarritakoa denez, lehendik ere begi zeharka begiratzen zitzaion Europa horren aurkako sentimenduari gehitu zaio austeritate hori. Honela, erabat ondu da aurkakotasuna, hainbat faktore idiosinkratiko eta ez idiosinkratikoen batura, europar agintearen zabarkeriak katalizatuta. Ezin ahaztu gainera etengabe ematen duen herri bateko herritarrek gerrikoa estutu behar badute, normalena haserrea areagotzea dela.

EU-SHIT
Mitoa hautsi da, Euorparen azken 60 urteetako historiaren joera etorkizun loriatsu baterantz agregaziozkoa izango zela  esan dutenen mitoa apurtu da. Gero eta jende gehiagok sinisten du joera agregaziotik segregaziora joaten hasiko dela. Ez da soilik Brexita, Grexit ukatuaren zauriak ere hor dira, euroaren hausturaren arrisku iraunkorra, bi-hiru-lau abiaduratako Europa, eta abar horren erakusle. Ez da Erresuma Batukoa ale bakarra.

Egiaz ez da gaitasunik izan agregazioa eta kohesioa ahalbide zezakeen biderik hartzeko Europaren eraikuntzari dagokionean. Tradizioz ezkerreko ziren alderdi askok oso jarrera epela izan dute Europaren norabidea alde honetara bideratzerakoan. Askoz gehiago jo izan dute euren Estatuko politiken mesedetan, edo erabakien teknizimo eta ulertzeko zailtasunean babestuta, interes ilunagoen menpean deklaratu izan diren helbuuren mesedetan baino.

Edonola ere, Brexit hau Europa guztira begirako politiken aitzakia izango da. Schaublek, austeritatearen aita-pontekoak, eskuak libreago ditu austeritate neurriok iraunkortzeko. Neurriok Mediterraneoko herrien menpekotasuna areagotuko dute benetan iraunkortzen badira, eta bertako biztanleek erreakzionatzen ez badute, bai austeritatearen aurrean mobilizatuz, baita/edota neurri alternatiboak hartuz gero eta esparru murritzagoa ezartzen duen boltaje altuko artzai elektrikoaren hariak moztuz.

EUSXIT
Euskal Herrian, hegoaldean batez ere, Europak ez du irudi txarra, nahiz eta azken urteetan asko galtzen ari den bere irudia. Europan sartzeak onurak ekarri dizkio Euskal Herriari, edo hori sentitzen dugu behintzat. Ikuskera idiliko honek, azken urteetan, esan bezala, arrakala gero eta handiagoak ditu. Edonola ere bada garaia planteatzeko ea historikoki Europan egoteak egiaz mesede ala kalte egin digun. Zalantzarik ez dago mesedeak ekarri dituela, baina kalteei buruz hitz egiten ez den arren badira bat baino gehiago. Besteak beste honakoak:

  • Deskapitalizazioa, euroa ezartzeren ondorioz hemen inbertitzen zen dirua epe laburragoan etekin handiagoak eman zitzakeen (espekulazio bidez normalean) lekuetara eta burbuiletara desbideratu da
  • Autonomia hustutzeko kobertura juridikoa eman dio Europak Espainiari. Nahita ala nahi gabe, baina horrela izan da
  • Espainiaren krisiaren ordaintzaile egin gaitu bi aldiz: bata erreskatatzaile modura, eta bestea erreskatearen ordaintzaile nagusi modura. Izan ere, erreskatea Espainiari aplikatu bai, baina Euskal Herrian ez zegon arazo bati aplikatu zaiolako. Zerbitzu publikoen ahultzea eta zergapetze handiagoa jasan behar izan ditugu.
Batasuna baliagarri izan dadin, gaur egungo egitura eta politikak goitik behera errebisatuta egin beharko litzateke. Noski, eta zoritxarrez, errebisio egoera horretan eskuin muturrak (beraz egoismoak, klase bereko jendea etsaitzeak, arerioa identifikatzean distraitzeak) etxekolanak ondo eginda ditu aspalditik. Ez dugu ahaztu behar eskuin muturraren egitasmoa Europarentzat beste Plan B bat dela, oraingo A Planak kale egiten badu ere.

Egoera honetan Euskal Herriak zein ekarpen egin dezake? Bi gauza pentsatu behar ditu Euskal Herriak Europari dagokionean. Batetik Europar testuinguruan duen eragin ahalmena neurtu behar du. Eta bigarrenik, eta hori kontutan izanda, balantzea egin Europarekiko harremanetan kalteak irabaziak baino gehiago ala gutxiago diren ikusteko, eta gehiago izanda ere, zein aukera dagoen epe labur, ertain edo luezean hori aldatzeko. 

Balantze hauen erantzunek adierazi beharko lukete Euskal Herriaren jarrerak zein izan behar duen Europarekiko. 

2016(e)ko maiatzaren 17(a), asteartea

Euskal Herria ez da bideragarria (ekonomikoki) II, Espainia are gutxiago (y tú más alferra)

Aurreko batean bideragarritasunaz jarduterakoan eztabaida honen alferrikakotasuna aipatu genuen, bai behintzat ikuspegi politiko batetik.

Bideragarritasuna edo ez bideragarritasuna borondate kolektiboari bide ematea erabaki ondorengo zerbait da. Hau da, funtsezko galdera honakoa da: bideragarria zertarako? Nola bizi nahi dugu? Euskal Herria bideragarria izango da suposatzen da gaur egungo egoera hobetzeko adinako bitartekoak baditu edo eskura baditzake, eta berauek lurraldeari lotu denbora batean hala izan dadin.

Baina aurrekoan esandakoak esanda ere, gauzak argitu egin behar dira, eta agian beste ikuspegi batetik landu behar da gai hau, beste galdera bat eginaz erantzun beharko genuke: Euskal Estatu batek gure bizi baldintzak, bizimodu egoki baterako adinako zerbitzuak, soldatak, jarduera ekonomikoa eta egitura politikoa berma ditzake? Hau da benetako galdera.

Lehen ere esan dugu ezinezkoa dela gaur egungo egoeran, gaur egungo joerarekin bizi baldintzak hobetzea, beraz ez da bideragarria. Edonola ere, eta nahiz eta kanpo interesen araberako mezuekiko uzkur izan behar den, argi dago baldintza hauez hitz egin behar dela, eta egunerokoan eragina duten hainbat faktorek herritarrongan egundoko eragina dutela: enpleguak, soldatek, berdintasunarekin zerikusia duten politikek, birbanaketa politikek, pentsioek, zerga sistemak...

Hauetako batzuk gastu publikoarekin zerikusia dute, eta lehenago hitz egin behar da aberastasuna nola sortzen den, zein ezaugarri dituen, eta sortu den aberastasun honen onura orokorra den, ala gutxi batzuena herritarren pobretzearen kontura.

Baina oraingoz alde batera utziko dugu aberastasun sorreraren gaia, eta eztabaidaren grabitate zentroa ez dagokion lekura eraman arren, komeni da pentsioei buru hitz batzuk egitea, batez ere gai honen inguruko hainbat eztabaida saihesteko.

Pentsioak Euskal Herriak ordain ditzakeen galderari erantzun aurretik, ea une honetan Espainiak ordain ditzakeen argitu beharko litzateke. Pentsioak, badakigu, langileen kotizazio bidez ordaintzen dira, belaunaldi arteko kontratu bidez (gaur egungo langileek lehengo langileei, gaur egungo langileei etorkizuneko langileeek). Baina gaur egungo langileek ezin dute beraien lanaren bidez jasotzen diren kotizazioekin gaur egungo erretiratuen pentsiorik ordaindu ez Espainian ezta Hego Euskal Herrian ere. Horren arrazoia bikoitza da:

  • Langile gutxiago daude langabezia zabala medio
  • Soldatak asko jaitsi dira lan erreforma medio, eta ondorioz kotizazioak ere baxuagoak dira

Kotizazioen bidez gehiago jasotzen zenean pentsioetan gastatzen zena baino, 67.000 milioi euroko funtsa osatu zen kotizazio eta pentsio gastuaren artean defizita sortzen zenerako. Raxoik Gobernua hartu zuenetik, defizit hau kutxatik finantzatu zen, eta dagoeneko erdia baino gehiago gastatu da. Kutxa honi heltzeak, noski, badu beste helburu bat, PPren planteamendu sozioekonomikoekin zerikusia duena: pentsioen merkatua negozio pribatu bihurtzea. Horretarako onena pentsio publikoak ordaindu ezin direneko egoeraraino eramatea onena. Eta horretan fin ari dira 'liberalok', pentsio sistema usteltzen uzten alegia. Ondorioa: Espainian pentsioak ez dira ordainduko. Ez behintzat bide honetatik jarraituz gero, langabeziak bere horretan jarraitzen badu, soldatak igotzen ez badira, eta funtsa amaitzen bada. Gaur egun hiru hauek aldatzeko itxura al dute? Errazagoa da gurea aldatzea Espainia guztia aldatzea baino.

Hala ere, gaia ez da Euskal Herriak bere pentsioak ordain ditzakeen, baizik eta Espainian pentsioak ordain daitezkeen. Ikuspegi juridikotik Euskal Herriko pentsiodunek pentsioa jasotzeko eskubidea irabazia dute, beraz hor bestelako egitate politikoek ez dute zerikusirik. Balizko desanexio une batean, euskal herritarrei, horretarako adinako kotizazioak badituzte, Espainiak pentsioak ordaindu beharko lizkieke, urte luzez Espainian lanean aritu den atzerritarrari ordaintzen zaizkion modu berberean.

Baina eztabaida juridikoa ez bada, badaezpada ere gure bidez erantzun ahal izateko planteamendu bat egin behar da: diru sarreren politikari erreparatu behar diote euskal agintariek, egungoek eta etorkizunekoek, eta ez pentsioengatik, edo ez soilik horregatik. Bideragarritasuna dago jokoan, eta alternatibak topatu egin behar dira.

Tartean pentsioak ere sartzen dira, noski. Zenbat eta gehiago produzitu, zenbat eta produktu aurreratuagoak, zenbat eta ezagutza gehiago izan, orduan eta lan gehiago egongo da, orduan eta soldata altuagoak, eta beraz, diru sarrera publiko gehiago. Beraz pentsio egkiak ordaintzkeo aukera handiak. Hain urrun ez gaude oraindik errealitate hori eraikitzeko ahalmena izatetik.

Bideragarritasun hori, edo hobe esanda, etorkizun hobe bat izateko bitartekoak eta nahia izatea, gaur egundik topatu behar da. Pentsioak horren agerpen bat baino ez dira. Pentsioekin batera, edo lehenago, pentsio horiek ordainduko dituen aberastasuna nola sortzen den, zein ezaugarriko egitura ekonomikoa bultzatuko den horretarako, zein langile mota behar dugun, zein azpiegutra mota, zein inbertsio publiko eta pribatu aukera, zein bitarteko finantzario... Hori da bidea bideragarri izateko.

Ez dugu ahaztu behar, sortzen-bultzatzen ditugun egitura ekonomikoek gizarte mota jakin bat osatuko dute. Eta hor guk geuk erabaki ahal izateko guk geuk pentsatu behar dugu aurrena nolakoak izan nahi dugun. Bestela beste batzuk pentsatuko dute.

2016(e)ko maiatzaren 1(a), igandea

Euskal Herria ez da bideragarria (ekonomikoki) I

Euskal Herria ez da bideragarria ekonomikoki burujabetzaren alde egiten badu. Ez da bideragarria, afirmazio-galdera egiten dutenei erantzutera etengabe gure burua behartzen badugu.

Garrantzitsua da galdera zeinek egiten duen eta zergatik egiten duen argitzea. Galdera hau egiten duenak ezezko erantzuna bilatzen du. Normalean Euskal Herriaren burujabetzari eragozpenak jartzen dituztenek planteatzen dituzte honelako galderak-afirmazioak, hau da, Euskal Herriaren etorkizuna beste egitura politiko formal eta informal (edo ekonomiko) batzuei menpekotasunez lotuta nahi dutenentzat.  Honelako afirmazio-galderak egiten dituztenak Estatu, finantza erakunde eta enpresari elkarteetako pertsonak izatea bera esanguratsua da. Bilatzen den ondorioa: Euskal Herriak uko egin behar dio bere etorkizunerako tresnak (politikoak, ekonomiskoak, sozialak...) ustiatzeari. Uko egite horrekin nekez da bideragarri ezer ordea, ez estatu aspirazio bat, ez eskaratze batean igogailu berria jartzea ere.

Galderari-afirmazioari (Euskal Herria bideragarria la da ekonomikoki?) helduz berriro, ez dugu imaginatzen galdera hau bere buruari egiten Frantzia, Espainia, edo beste edozein estatu. Horrek aditzera ematen du galdera horren izaera tranpatia. Etengabe galdera honi erantzun beharrak etengabeko justifikazioan katigatzen da burujabetzaren alde diharduena. Beti egongo dira gai berberak mahai gainean, eztabaida berberak xehetasun eta ñabardura berriekin hornituak, beti ere puntu ahulak bilatuz, eta Espainiaren edo Frantziaren beharra azpimarratuz -eta zeharka posizio ultraliberalenak bidenabar-, enpresari handien interesak defendatuz, interes finantzario handienak babestuz. Zorigaiztoko mekanismo dialektiko hau murrizketekin aplikatu den berbera da: gizartea bera ez da bideragarria lan erreformarik gabe, pentsioak jaitsi gabe, langabezia murriztu gabe, negoziazio sindikala hustu gabe. Mekanismo dialektiko honek borondate politikoak ukatzen ditu, eta dena erabaki teknikoetara murriztu. Badakigu horrek nora eraman gaitun. Edonola erabaki hauek beti dira politikoak, mozorro teknikoaren atzean, denongan eragina dutelako, eta erabakiak daudelako atzean.

Bideragarritasunaz baino burujabetzaz hitz egin behar dugu. Hau da, gure gizartearen etorkizuna ahalik eta jende gehienaren onura lortzeko bitartekoen jabetza izatea ala ez izatea da bideragarritausnaren giltza.

Espainiaren adibidea ona da bideragarritasuna burujabetzaren menpeko dela ulertzeko. Espainian enplegu galerak eta gizartearen pobretze orokorrak (BPG indizea goraka joan arren, aberastasun hori nora joan den eta nortzuk poltsikoratu duten argitu behar) etorkizun hurbilean Estatu bideragarria den zalantzan jarri du: krisi politikoa, ekonomikoa, instituzionala eta soziala norainokoa den ikusita Interrogante asko daude airean.

Euskal Herriak beste errealitate sozial eta ekonomiko bat du, eta jakin izan du gainera azken hamarkadetako erauntsi oligarkiko horren aurrean bere aukera gauzatzen, neurri batean behintzat. Hala ere, une honetan burujabetza galera dakarten politiken eta neurri faktikoen aurrean enpresa handienen eta ardura politiko nagusienen jarrerak arrisku handi batzuk dakartza, eta erreakzionatu beharra nabaria da. Zein da arriskua gaur? Besteak beste egitura ekonomiko arrotzetan asimilatzea, aberastasuna modu ezberdinean banatzea, eta herritarrei -gaurkoei eta biharkoei- etorkizuna ebastea.

Beraz gure erronka ez da bideragarriak garen ala ez garen, baizik eta nola bizi nahi dugun, denon onura bilatuko duen egitura politikoak bilatuko ditugun ala ez. Etorkizun bat izateari erantzun alegia, eta hori onura orokorra eta herri interesa ipar jarrita egiten da.

Argi dago Euskal Herria ez dela bideragarria, ez behintzat gaur egungo egoeran, ez bere ahalmenari buruz hausnartu eta jabetzen ez bada, daukana gordetzen ez badu, bere langileria, ezagutza eta industria zaintzen ez badu, eta are gutxiago ekonomia errealetik aldetzen bada, ezberdintasunak areagotzen baditu edo lan baldintzak bost ajola bazaizkio. Bideragarri da ordea bere bitartekoak potentzial betez eta determinazioz aktibatzen baditu.