Europaren izenean hartu diren neurriek klase herritarrak nekatu dituzte. Nekez ezagutu daiteke Europar Batasuneko goi agintariena adinako menpekotasun, morroitasun eta zabarkeriarik, eta horrek azkenean dakarrena dakar. Brexita gertatu da, baina Europaren aurkako jarrerak gero eta gehiago ugaltzen ari dira Batasun guztian.
BREXIT
Brexita ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Gogoan izan behar dugu Europako bigarren ekonomiaz ari garela, eta europar fondoak hornitzen bigarrena, Alemaniaren atzetik. Berez eragina izango du europaren aurrekontuetan, jaso baino gehiago ematen duen herri bat joan baita. Merkataritza harremanei dagokienean, ikusi behar nola egiten den irteera hori, eta zein akordio bidez gauzatzen den. Dena dela, ez dirudi eraginik zertan izan behar duenik harremanotan irteerak, unean uneko ezegonkortasuna alde batera utzita. Tartean da Euskal Herria. Hegoaldearen laugarren bazkide komertziala omen da Erresuma Batua, eta ez dago arraozirik hori aldatzeko, libera britainiarraren gora beherekin gertatzen denaren pezkizan. Baina europar aurrekontuetan berriz eragina izango du.
Zalantzarik ez dago Brexiterako hainbat arrazoi badirela, tartean historikoak, britainiar idiosinkrasiari lotuak. Baina hauei begira jartzeak benetako arrazoiak ezkutatzen ditu: Europar Batasuna karga bezala ikustea. Oro har, klase herrikoiak izan dira dirudienez uzkurren europar sentimenduarekiko. Euren lepoan sentitu duten austeritatea Europak ezarritakoa denez, lehendik ere begi zeharka begiratzen zitzaion Europa horren aurkako sentimenduari gehitu zaio austeritate hori. Honela, erabat ondu da aurkakotasuna, hainbat faktore idiosinkratiko eta ez idiosinkratikoen batura, europar agintearen zabarkeriak katalizatuta. Ezin ahaztu gainera etengabe ematen duen herri bateko herritarrek gerrikoa estutu behar badute, normalena haserrea areagotzea dela.
EU-SHIT
Mitoa hautsi da, Euorparen azken 60 urteetako historiaren joera etorkizun loriatsu baterantz agregaziozkoa izango zela esan dutenen mitoa apurtu da. Gero eta jende gehiagok sinisten du joera agregaziotik segregaziora joaten hasiko dela. Ez da soilik Brexita, Grexit ukatuaren zauriak ere hor dira, euroaren hausturaren arrisku iraunkorra, bi-hiru-lau abiaduratako Europa, eta abar horren erakusle. Ez da Erresuma Batukoa ale bakarra.
Egiaz ez da gaitasunik izan agregazioa eta kohesioa ahalbide zezakeen biderik hartzeko Europaren eraikuntzari dagokionean. Tradizioz ezkerreko ziren alderdi askok oso jarrera epela izan dute Europaren norabidea alde honetara bideratzerakoan. Askoz gehiago jo izan dute euren Estatuko politiken mesedetan, edo erabakien teknizimo eta ulertzeko zailtasunean babestuta, interes ilunagoen menpean deklaratu izan diren helbuuren mesedetan baino.
Edonola ere, Brexit hau Europa guztira begirako politiken aitzakia izango da. Schaublek, austeritatearen aita-pontekoak, eskuak libreago ditu austeritate neurriok iraunkortzeko. Neurriok Mediterraneoko herrien menpekotasuna areagotuko dute benetan iraunkortzen badira, eta bertako biztanleek erreakzionatzen ez badute, bai austeritatearen aurrean mobilizatuz, baita/edota neurri alternatiboak hartuz gero eta esparru murritzagoa ezartzen duen boltaje altuko artzai elektrikoaren hariak moztuz.
EUSXIT
Euskal Herrian, hegoaldean batez ere, Europak ez du irudi txarra, nahiz eta azken urteetan asko galtzen ari den bere irudia. Europan sartzeak onurak ekarri dizkio Euskal Herriari, edo hori sentitzen dugu behintzat. Ikuskera idiliko honek, azken urteetan, esan bezala, arrakala gero eta handiagoak ditu. Edonola ere bada garaia planteatzeko ea historikoki Europan egoteak egiaz mesede ala kalte egin digun. Zalantzarik ez dago mesedeak ekarri dituela, baina kalteei buruz hitz egiten ez den arren badira bat baino gehiago. Besteak beste honakoak:
- Deskapitalizazioa, euroa ezartzeren ondorioz hemen inbertitzen zen dirua epe laburragoan etekin handiagoak eman zitzakeen (espekulazio bidez normalean) lekuetara eta burbuiletara desbideratu da
- Autonomia hustutzeko kobertura juridikoa eman dio Europak Espainiari. Nahita ala nahi gabe, baina horrela izan da
- Espainiaren krisiaren ordaintzaile egin gaitu bi aldiz: bata erreskatatzaile modura, eta bestea erreskatearen ordaintzaile nagusi modura. Izan ere, erreskatea Espainiari aplikatu bai, baina Euskal Herrian ez zegon arazo bati aplikatu zaiolako. Zerbitzu publikoen ahultzea eta zergapetze handiagoa jasan behar izan ditugu.
Batasuna baliagarri izan dadin, gaur egungo egitura eta politikak goitik behera errebisatuta egin beharko litzateke. Noski, eta zoritxarrez, errebisio egoera horretan eskuin muturrak (beraz egoismoak, klase bereko jendea etsaitzeak, arerioa identifikatzean distraitzeak) etxekolanak ondo eginda ditu aspalditik. Ez dugu ahaztu behar eskuin muturraren egitasmoa Europarentzat beste Plan B bat dela, oraingo A Planak kale egiten badu ere.
Egoera honetan Euskal Herriak zein ekarpen egin dezake? Bi gauza pentsatu behar ditu Euskal Herriak Europari dagokionean. Batetik Europar testuinguruan duen eragin ahalmena neurtu behar du. Eta bigarrenik, eta hori kontutan izanda, balantzea egin Europarekiko harremanetan kalteak irabaziak baino gehiago ala gutxiago diren ikusteko, eta gehiago izanda ere, zein aukera dagoen epe labur, ertain edo luezean hori aldatzeko.
Egoera honetan Euskal Herriak zein ekarpen egin dezake? Bi gauza pentsatu behar ditu Euskal Herriak Europari dagokionean. Batetik Europar testuinguruan duen eragin ahalmena neurtu behar du. Eta bigarrenik, eta hori kontutan izanda, balantzea egin Europarekiko harremanetan kalteak irabaziak baino gehiago ala gutxiago diren ikusteko, eta gehiago izanda ere, zein aukera dagoen epe labur, ertain edo luezean hori aldatzeko.
Balantze hauen erantzunek adierazi beharko lukete Euskal Herriaren jarrerak zein izan behar duen Europarekiko.